XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Literatur sailean, literatur historia, kritika eta sorketa sartu ohi dira.

Idazleen biografiak eta estudioak ere hor sartzen ditut nik, hala nola, Orixe eta Arestirekikoak.

Literatur sorketako lanik gehienak Kriseluk atera ditu aurten ere; horien artean, Arestirenak, 100 metro eta Ziutateaz.

1975etik edo hasita euskal liburugintzak duen datu berri berezienetakoa hau da: irakaskuntzarako, haur eta gaztetxoen irakurketarako, euskara ikasteko pentsaturiko liburuak direla denetan nagusi; liburu funtzionalak, beraz, kultur premiei hurbilagotik atxekiak.

Liburugintza mota honetara lerratu dira editorialerik gehienak.

Saioen urre-garaia joana da; krisian daude saioak.

Zergatik krisian? Merkatua mugitzen ez delako.

Saiakera liburuaren irakurleak ez dira ugaldu.

Alfabetatzearen lana, ikastoletakoa, ez dira oraindik maila horretaraino iritsi: aldizkarien mailan dabiltzake.

Aipatu dugun funtzionaltasun hori eskatzen zaio gaur euskal liburuari.

Hortik dator eskabidea.

Irakaskuntzak eta honen inguruak, dela metodo eta textu gisa, dela gaztetxoen literatura gisa, mundu horrek irensten ditu libururik gehienak: Alfabetatzen, Euskera mailaka, Munduan-zehar bilduma, Gilen Tel, Asterix....

1976ko liburu produkzioan aurreko urtean baino garrantzi handiagoa ukan du berrargitalpenak: %5etik %14era igaro da.

Bereziki klasiko zenbait (Gero, Euskaldunak) eta gramatika zahar zenbait atera dira berriz kalera.

Bi eletan atera diren liburuak ere, erlatiboki ugari dira; original eta beste, %16.

Lan originalak gelditu dira (zenbaki absolutu nahiz erlatibotan) aurreko urtekoen azpitik: 1975ean %60 ziren originalak; 1976an, aldiz, %55.

Itzulpena, bere aldetik, %31rekin dator, eta fenomeno inportantea da euskal liburugintzan.

Bereziki bitan banatzen da itzulpena: klasikoak itzultzea, bata; eta, batikpat, gaztetxoen literatura eskuratzea.

Datu guztiak oraindik bildu gabe baditut ere (1976ko lege gordailuarekin aurten ere libururik aterako bait da), badirudi 1975ekoa baino apalagoa izan dela 1976ko liburu produkzioa.

118 liburu eta 36 liburuxka atera ziren 1975ean, inoizkorik gehien; eta 1976an, nire zerrendatan, 95 liburu eta hamar bat liburuxka.

Oharra: Tituluaren ondoren eta kako artean, jakingarri hauk ematen ditut: i = itzulpena; b = berrargitalpena; e = elebikoa, bilinguea.